Aisialdia

"Aisialdia askatasun prozesu bat da non jasotzaileek jarrera zabala, askea eta konpromezuz beteta duten errealitatea eraikitzen den bitartean".

domingo, 31 de octubre de 2010

Jolas tradizionalak (HAUSNARKETA)

Lehen aipatu dugunez, gure aburuz, jolas tradizionalak paper garrantzitsua jokatu dezakete aisialdian, izan ere, umeek jolas hauen bitartez betetzen lortzen duten helburu orokorrak oso interesgarriak dira, hala nola;
             -Aktibitate fisikoari garrantzia ematea.Osasuna, bizitzaren oinarri dela kontuan hartuta.
             -Jolasen aruak errespetatzen ikastea
             -Jolasean irabaztea edo galtzea normaltasunez hartzea (Guztiok nahiago dugu irabaztea baina galtzea zeozer normala denez, umeak konturatu behar dira ez dela ezer gertatzen galtzeagatik)
             -Talde jolasetan partahidetza bultzatzea
             -Jolas ezberdinak ezberdintzen ikastea
             -Jolasen estrategia basikoak eta taldeko taktikak ezagutzea eta aplikatzea

Jolas tradizionalak

Aisialdian praktikatu ahal diren beste jolas ekoizkor batzuk tradizionalak dira. Iharduerak prestatzerakoan, gure ustetan funtsezko inportantzia dute jolas hauek. Jolas tradizionalen artean hurrengo hauek aipatzea erabaki dugu;
1-Kromoak; Kromoei buelta eman behar zaie. Marrazkia behera begira jartzen da eta eskuarekin astinduz buelta ematen saiatu.
2-Tortoloxak; Normalean arkumeen hezur margotuak erabiltzen dira. Tabak lau alde dituzte eta bakoitzak izen bat dauka: Lehenego jokalariak bere tabak lurrera botatzen ditu(normalean 6;8 edo 12 izan daitezke). Ondoren pilota bat botako du airera eta honek lurra ukitu baino lehen tabak hartzen saiatu behar da, bat gutxienez. Hala ere, tabak alde berdinean daudela hartu behar dira, beraz posizio horretan ez daudenei buelta eman behar zaie.
3-Zibak; Zirkulu bat irudikatzen da lurrean, batek barrura sartu behar du ziba eta besteek ateratzen saiatu behar dute.
4-Kanikak; Kanikak zulo batera sartu behar dira edo bestela lurrean marraztutako borobil batera. Besteen kanikak jotzea zilegi da.
5-Trukemea; Harri edo egur tako bat bota behar da lehenengo zenbakira eta oin batekin saltoka ibilbide guztia egin behar da. Bueltan bat zenbakia dagoen harria hartu eta kanpora salto egin behar da. Zenbaki guztiekin berdina egingo da.
6-Txapak; Txirrindulare lasterketa egin daiteke. Lasterketa egiteko ibilbide bat marrazten da lurrean eta helmugara lehena irinsten dena irabazlea da. Iturria ibilbidetik ateratzen bada, berriz hasierara joko beharko du jokalariak. Besteen txapak ukitu daitezke.

sábado, 30 de octubre de 2010

Eskuekin jolastekoak (HAUSNARKETA)

Eskuekin jolastu ahal diren joko hauek oso erosoak, dibertigarriak eta aproposak iruditzen zaizkigu aisialdian barneratzeko. Horrela umeen artean kontaktuaren bidez harremanak estutu eta sendotu egiten direla uste dugu.Hortaz, iharduera mota hauek komenigarriak dira umeen lotsa alde batera usteko eta gainera haien artean giro ona sor dadin. Bai binaka baita taldean ere proposatu ahal dira joku hauek. Hala nola; Binaka jolastu ahal den joku bat,  lehen aipatutako "Txinatar pultsoa" da. Berriz, taldeka "Urtxintxaren jolasa". Azken jolas honek gainera nesken eta mutilen arteko lotsak alde batera usteko nahiko erabilgarria da. Normalean Lehen Hezkuntzako adin tarte horretan mutilen eta nesken artean barrera bat modukoa ezarrita dago haien artean, lotsaren eraginez,alegia. Jolas honekin, hauen artean dauden tentsioak eta lotsak alde batera utzi ahal dira. Ondorioz taldekide guztien harremanak hobetzeko jolas aproposatu iruditu zaigu. Gainera,umeek iharduera mota hauek gustoko dituzte. Hau guztia dela eta, esan dezakegu, begiraleek kontutan hartu behar dituzten jarduerak direla hauek, eskuekin jolastekoak.

Eskuekin jolastekoak

Atal honetan, aisialdian umeekin lantzeko iharduera aproposak aurki ditzakegu: esate baterako;
1-Eskuen nahasatea; Eskuak mahi gainean jartzen dira. Ezkerreko eskuaren eskualdean ezkerrean dagoenaren eskumako eskua egon behar da, eta eskumako eskuaren ezkerraldean eskuman dagoenaren eskerreko eskua. Norbait hasten da, beti eskumarantz. Ordenean, eskuek kolpeak eman behar dituzte mahi gainean. Kolpe batek jarraitzera behartzen du, bi kolpek norabidea aldatzera, eta hiru kolpek saltotxo bat ematera. Huts egiten duenak huts egin duen eskua jokotik kentzen du.
2-Txinatar pultsoa; Binaka. Atzamar lodia gorantz begira jarrita, beste atzamarrekin bestearen atzamarrean harrapatu egiten dira, eta atzamar lodiarekin bestearen atzamar lodia zapaldu behar da.
3-Urtxintxaren jolasa; Korruan eskumako eskua beti eskuman dagoenaren ezkerreko eskuaren gainean kokatu behar da. Abesten den bitartean eskumako eskuarekin ezkerrekoaren eskumako eskuari jotzen zaio kate bat osatuz. Azken kolpea ematen bada, kolpea jazo duenak eman behar du muxua, eta bestela huts egin duenak. Denek begiak ixten dituzte eta muxua nori eman dion asmatu behar dute.
Urtxintxaren jolasa da,
ezkuta ezazu eskua
bestela, jotzen bazaitut,
muxua eman beharko duzu.

Abestiak eta Dantzak (HAUSNARKETA)

Aisialdian, umeeek halako iharduerak egitea, hots, dantzatu eta abestu, oso interesgarria iruditzen zaigu. Oso onuragarriak eta aproposak deritzogu aisialdian lantzeko. Lehen aipatu ditugun 12 jardueretan ikus daitekenez, edozein motatako kantak eta dantza ezberdinak landu daitezke. Abestiak eta kantak lantzea helburu erakargarriak ditu, hauen artean hurrengo hauek dira gure ustetan premiazko garratzia dutenak;
          -Lehengo eta behin, musikaren eta dantzaren bitartez umeek aktibitateaz gozatzea da.
          -Umeen adierazpen eta komunikazio kapazitatea sustatzea
          -Inguruko maifestazio kulturalak eta ohiturak ezagutzea.
          -Errespetuzko eta interesko jarrerak erakutsi
          -Umeen adierazpen posibilitateak aberastu eta dibertsifikatu errekurtsoen erabilerarekin.
          -Dantzaren bitartez egin daitezkeen mugimendu desberdinak koordinatu eta sinkronizatu
          -Abesteko garaian, taldeko sinkronazioa lortu
          -Bai gorputzaren erritmoa baita ahotsarena ere modu egokian erabiltzen ikastea
          -Taldean lantzea, haztea eta talde lanak dituen onuraz jabetzea
         
         
        

Abestiak eta Dantzak (adibide gehiago 2.)

9-Txiki txikia;
Txiki-txiki txikia
Ikusten naiz kalean
Handitzen-handitzen!
Hasi naiz handitzen,
Txikia izanik
Asko maite zaitut, ni.
10-Martin-tin;
Goma eusten dutenen orkatiletan dela, bi saltari jarriko dira gomaren alde banatan. Bi oiak batera jarrita dituztela, barrurantz eta kanporantz salto egingo dute goma ukitu barik.
Martin-tin kapotxin-txin
Kattalin-lin potxolin-lin
Martin kapotxin
kattalin potxolin
11-Pin pan sua; Bikote batek goma hartuko du eta "pin,pan,sua" esaten duten bitartean gora eta behera egingo duten eskuekin. "Aitonaren pikua" esan bitartean esku, oin eta gorputzarekin soka nahastuko da. Sortu berri den saretik alde batetik bestera igaroko dira partaideak soka ukitu gabe.
Pin, pan,sua, aitonarekin pikua.
12-Twista dantzatzeko; Goma gurutzaturik jarriko dute bi pertsonek eta beste batek, abesten duten bitartean, alde batetik bestera igaroko da erritmoa jarraituz.
Twista dantzatzeko behar da
Fraka labur batzuk eta kamiseta bat,
Ilea moztuta bere (dagokion) neurrira,
Ta horrela izango zara twist dantzaria

Abestiak eta Dantzak (adibide gehiago 1.)

5-Nik daukat etxetxo bat; Taldekide bat abesten hasiko da keinu batzuk egiten dituen bitartean, beste guztiak imitatuko dute.
Nik daukat etxetxo bat
horrela horrela
atea jotzen dut,
horrela horrela
lehioak irekitzen
horrela horrela
ta tximiniatik,
kea doa gora gora
6-O a le le; Abesti bat da, non pertsona batek abesten duen eta besteok berdina errepikatu behar dugu intonazio berdinarekin:
O la lele
a lele titi konga
anbasa anbasa
o a lele oa oe
7-Paristik datorren artista;
Paristik datorren artista bat naiz ni,
Paristik datorren artista bat naiz ni.
Ondo jotzen dut.
Baita guk ere.
Boliña nik jotzen dut, ñiñiñi....
Paristik datorren artista bat naiz ni,
Paristik datorren artista bat naiz ni.
Ondo jotzen dut
Baita guk ere.
Danborra nik jotzen dut, prom pom pom ....ñiñiñi....
8-Ran roberran;
Ran roberran po po po po po po
Ran roberran po po po po po po
Uztaiak gora gora, lurretik zerura
Gira alde batera ta gero bestera

Ta behere behera, ta behera behera bai
Uztai barruan preso gelditu naiz orain
Ran roberran po po po po po po
Ran roberran po po po po po po

Abestiak eta Dantzak-jarraipena

viernes, 29 de octubre de 2010

Abestiak eta Dantzak

Umeen artean denok dakigu abestiak eta dantzak zirrara berezi bat sortzen dutela, horregaitik abesti eta dantza batzuk aipatzea komenigarria eta aproposa iruditu zaigu, gu lantzen ari garen gaiarekin zerikusi zuzena baitute. Hona hemen abesti eta dantza polit eta egoki batzuk umeentzako;
1- 1,2,3,4, je je;
1,2,3,4 je je
5,6,7 je je
euskaldunak je je
irabazi je je (bis)
1,2,3,4
1,2,3,4,5,6,7
5,6,7 euskaldunak
euskaldunak irabazi
2- Han zeuden; Taldekide bat abesten hasiko da keinu batzuk egiten dituen bitartean, beste guztiak imitatuko dute.
Han zeuden,
kokodrilo eta tximuak,
arratoi txikiak, ardia txuriak.
katu, oilo, elefante
ez zen ezer falta
ez dakit ondo esan dudan
goazen berriro hastera.
3-Kote kote; Abesti bat da, baina abestuz batera eskuekin jolastu beharra dago, lehenengo eskumakoaren belaunean eskuak jarriz gero zurean eta gero ezkerrekoaren gainean. Gainera abesti bukatzerakoan gero eta azkarrago abestu behar da.
Kote kote kote kote
Abestu dezagun txaloka
Kote kote kote
jolastu dezagun txaloka
4-Konga Konga; Partaide guztiak zutituta abesten hasiko dira txaloak jotzen dituzten bitartean eta banan banan bakoitzaren izena esango dute. Bakoitzak bere izena entzutean kantak esaten duena egingo du.
Konga konga atsegin dut milonga
ikusiaz han nola......dantzatzen duen
esku bat buruan
bestea gerrian
mugitu iperdia eta buelta osoa.

Abestiak

Talde eta korro jolasak (HAUSNARKETA)

Gure aburuz, joko hauen xede nagusia talde kooperazioa da, izan ere, taldearen funtzionamendu zuzenak jokoaren garapenean eragin zuzena izango du. Hots, ume batzuek jokaon ez balute interes handia izango, taldearen eta jokoaren dinamika apurtzeko ahalmena izan ahal dute. Hortaz, taldearen eta kide bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da joku bakoitzean.
Beste helburu garrantzitsu bat hauxe izan daiteke; Ikasleek integrazioa hobetzen lortzea, hau da, ume bakoitza taldean erabat integraturik egotea. Helburu hau lortzea oso aberasgarria izan daiteke ikasle bakoitzarentzat, zeren eta horrela umeen arteko harremanak sendotzen dira.
Beraz, esan genezake, "Taldeko jolasak" umeen artean sustatzea nahitaezkoa dela hauen arteko harremanak sendotu ahal izateko 

Talde eta korro jolasak

Joko hauen artean, guretzat interesgarrienak eta dibertigarrienak hurrengo hauek izan dira;
1-Kanika txiki bat; Jolas honetarako kanika bat behar da. Partaide guztiek borobil bat egiten dute eta eskuak itxi egingo dituzte zerbait barruan balute bezala, bik izan ezik, erdian geratuko direlarik. Batek eskuetan kanika bat izango du, eta abestiak dirauen bitartean eskuak korruan dagoen jendearen eskuetan sartuko ditu, bati utziko diolarik kanika. Korru barruan berarekin dagoenak asmatu beharko du abestia amaitzerakoan kanika noren eskuetan utzi duen.
Kanika txiki bat dabil
jauzika eskutik eskura
nork ote du?nork ote du?
nork ote du nire kanika?
2-Katutxo gizajoa; Taldekide batek katuaren papera hartu eta miau esango dio beste bati. Honek "katutxo gizajoa" esan behar dio barre egin barik.
3-Marrazki nahasiak; Batek marrazki bat egingo du paper baten zati batean, alde hori estali eta ondokoari pasatuko dio. Horrela jarraian bata bestearen atzetik eta azkenean, guztien artean egindako marrazkia ikusiko da.
4-Orkestra zuzendaria; Pertsona batek orkestra zuzendaria nor den asmatu beharko du. Orkestrako kideak keinuak eginez egongo dira, zuzendariari keinua kopiatuz eta zuzendaria keinua aldatu ondoren guztiek keinua aldatu beharko dute.
5-Twister; Jokalariek beraien gorputz atalekin, beste batek esaten duena ukituko dute: Hauek jantzita dauzkaten arroparen koloreak. Jendea ezin da lurrera erori eta baliteke guztien artean korapilo bat sortzea.

miércoles, 27 de octubre de 2010

Aisialdiaren historia

80. Hamarkadan

Aisialdi hezitzailearen garapena eta hazkundea hamarkada honetan zehar irinsten da. Urte horietan aisialdiko taldeen gizarte proiekzioa sendotzen da, beraien egitura, egitasmoa eta helburuak finkatzen diren neurrian.
Ugaritu egiten dira formazio-ikastaroak eta mintegiak begiraleen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Proeiktuak eta jarduerak modu landuago batez antolatuko dira; Programazioa, plangintza, ebaluaketa
Oro har, aisialdiko talde ezberdinek azaltzen zuten "egonezina" azpimarra daiteke, horrek dituen alde positiboenak nabarmenduz. Eskaut taldeetan, parrokiako taldeetan nahiz talde laikoetan gertatzen ari ziren mugimenduak aisialdiaren zabalkunde eta garapenaren seinale eta ondorio lirateke. Denek bilatzen zuten helburu berbera; haur eta nerabeen aisialdia helburuz nahiz eduki hezitzaile sendoarekin hornitzea.
Gero eta jolastoki gehiago antolatzen hasi ziren( ludotekak, haurrentzako liburutegiak...), batez ere hiri giroko tokietan. Bertan beldur anitzak sortzen dira kalearen inguruan; drogak, lapurretak edo koadrilen arteko biolentzia esate baterako. Giro horretan kalea haurrak egoteko leku ezegokia eta arriskutsua bilakatzen da.

90. Hamarkadan

XX. mendeko azken hamarkadak eragile eta eskaintzaren dibertsifikazio zabala ekarriko du. Aisialdi hezitzailearen ibilbide historiko honen hasieran (70.hamarkadan) zegoen hutsunea azpimarratzen bagenuen, egun, aisiaren esparruan dagoen eskaintzaren ugaritasuna da azpimarratu beharrekoa.
90. hamarkadan egon diren berririk esanguratsuenak hauexek dira; Lehendabizi, joera berriak aurkituko ditugu betiko aisialdiko taldeen baitan. Gainera, kale-animazioarako talde eta enpresa txikiak sortzen dira aisialdiko taldeen begiraleen ekimenez.
Udako jardueretan zabaldu egiten da eskaintza udaleku espezializatuekin (ingelesa, informatika edo kirol baten trabatzeko antolatuak)
Baina 90. hamarkadan dagoen berrikuntzarik adierazgarriena ikastetxei dagokiena da; eskolaz kanpoko jardueren antolaketak gero eta garrantzi handiago hartuko du. LOGSE legearen eskutik, ikastetxe bakoitzean definitu beharreko proiektu hezitzaileak ingurune sozial hurbilean txertatzeko borondatea azalduko du, beti ere, hezkuntza integrala eskaintzeko asmoz. Beherakada demografikoak eta, ondorioz, haurrak eta gurasoak erakartzeko dagoen lehiak, zerikusi zuzena du ere ikastetxe ezberdinetan zabalduko den hezkuntzako eskaintza osoa eta zerbitzu osagarriak eskaintzeko joerarekin.
Aisialdiko ekimen publikoak eta jarduerak horiek duten presentzia gero eta garrantzitsuagoa baldin bada ere, eragile horien parean sortu berri den beste kategoria baten protagonismoa azpimarratu beharko da; enpresa pribatuena, hain zuzen ere.
Orain arte aipatutakoa laburbilduz, azken hamarkadetan aisialdiak bizi duen garapena ikusgarria izan dela esan daiteke, agertu diren dinamika berriak, protagonista berriak, asmo eta helburu berriak anitzak izanik.






Aisialdiaren historia

70. Hamarkadan

Haur eta nerabeentzako , aisialdia kalean ibiltzeko denbora zen ; jolasteko, lagunekin egoteko edota abenturak asmatzeko denbora zen. Garai hartako aisialdiaren inguruan zeuden halburuak eta nahiak haurrak lagunak egitearekin eta auzoan egotearekin lotuta zeuden. Kaleko jarduera horietaz aparte, beste bi esparru edota eragile nagusitzen ziren garai hartan: Alde batetik, elizaren inguruan sortutako taldeak eta, bestetik, kirola eta zenbait kultur jardueraren inguruan garatutako ekimenak.
Kalean eta inguruan antolatzen zenaz aparte, aisialdiaren inguruan burutzen ziren bestelako ekimen batzuk aipatu beharko lirateke, besteak beste kirola eta zenbait kultur jarduera.
Kirola ohiartzun handiko jarduera izan da betidanik. Salbuespen asko egonda ere, kirola edozeinek egin zezakeen aisialdiko jarduera litzateke eta aztertzen ari den hamarkadan ere haur eta nerabeen aisialdian garrantzia hartuz joan zen. Kirol batzuk beste batzuk baino zabalduago egongo dira beti eta bertan parte hartzeko aukerak kirol batetik bestera oso ezberdinak izan dira.
Kirol munduaz gain, hainbat kultur jarduera aipatu beharko lirateke 70.hamarkadan aisialdiaren inguruan zegoen eskaintzaren azterketa osatzeko. Hala nola, musika, dantza eta atzerriko hizkuntzak.
Aipatutako esparru zabal honen aurrean aukera asko agertzen ziren, baina horrekin batera zenbait mehatxu eta ahulezi agerian gelditzen ziren; besteak beste, bitarteko material falta eta, batez ere aisialdiaren inguruan mugitzen ziren antolatzaileen esperientzia eta formazioaren gabeziak.

70. hamarkadaren amaiera eta 80. hamarkadaren hasiera

Udaleku eta kanpamentuen antolaketak giza baliabide eta azpiegitura antolatzaileekin aisialdiko talde edo klub egonkorrak sortarazi zituen. Garai hartan ilusio eta gogo handiko momentua bizi zen osatzen ari zen aisialdirako eskaintza eta mugimenduaren inguruan. Zentzu horretan aldaketa nagusia aisialdiko taldeen osaketan kokatu zen, ordura arte intuitiboki eta era informal batean lanean aritzen ziren zenbait talde era antolatuan osatzera eta funtzionatzera pasatu baitziren.
Aisialdia, denbora librea izatetik, landu eta garatu beharreko denbora izatera pasatzen da, hots, aisialdia bera helburu bat izatetik beste helburu batzuk lantzeko bitartekari garrantzitsua bilakatzen da.
Helburua ez da soilik izango ondo pasatzea eta aktibitate ludikoak egitea, baizik eta proiektu hezitzailea modu partehartzailean definitzea eta garatzea. Proiektuan egongo dira alderdi ludikoak, alderdi kognitiboak eta alderdi etikoa eta erlijiosoa.
Proiektuaren iraunkortasunak eta izaera prozesualak konpromiso sendoa eta egonkorra eskatuko die begiraleei zein haurrei.
Beraz, esan dezakegu, ekintza hauen garrantzia gero eta handiagoa dela, eta horien inguruan dagoen eskaintza gero eta oparoagoa dela.

miércoles, 13 de octubre de 2010

Aisialdia

Heziketa edo hezkuntzaren mundua ez da bi gehi bi lau direla edo baleak ugaztunak direla irakastera mugatzen. Hezkuntzaren mundua eskolako lau paretetatik haratago doan zerbait delakoan gaude. Egia da garrantzitsua dela matematika, ingurumena, ingelesa...ikastea. Baina aipatutako ezagutza guzti hauek gainazalean geratzen dira, eta landu beharrekoa ikasleen sakona da ( autoestimua, elkartasuna, hezkidetza, jarrera kritikoa...), askotan hutsunez beterik egon ohi den sakontasun hori. Umeek oinarrizko baloreak barneratzea ezinbestekoa da, baita beraien buru eta gorputzarekin gustora sentitzea eta norberaren autokontzeptu baikorra edukitzea. Guzti hau, pausuz pausu landu egin beharreko bidea den arren, bide honetan aurrera egiten asko laguntzen dute aisialdi egoki eta eraginkorrak edota eskolaz kanpoko hainbat ekintzak. Eskolaz kanpoko ekintzak anitzak dira : kirolak, pintura, antzerkigintza...Kirolekin adibidez umeek denetan onena izan beharrean, garrantzitsuena norberaren onena ateratzea dela ikasi dezakete. Pinturak sarritan hitzen bidez adierazteko gai ez garen emozio edo sentimenduak azaleratzeko aukera ematen digu. Antzerkigintzak berriz lotsen, aurreiritzien, beldurren...mundu ilun horretatik aldentzen ditu umeak eta beraien gorputza eta burua hobeto ezagutzen laguntzen die. Beraz, argi ikus daiteke umeen aisialdia umeek ondo pasatzeko baino helburu gehiago lortzeko erabil daitekeela.

Gainera, zoritxarrez gaur egungo gizarte honetan umeak gero eta indibidualistagoak eta itxiagoak bihurtzen ari dira. Aktibo izatetik pasibo izatera pasa dira eta errutinak umeen ilusioa irentsi duelakoan gaude. Gero eta ume gehiago dira arratsalde osoa telebistari begira edo Play Stationetik begirada kendu gabe egoten direnak. Pasibotasun horren ondorioz, gorputza ez garatzeaz gain, burua ere ez dute garatzen. Honela, gizarteak eta batez ere komunikabideek eskeintzen duten guztia inbututik irensten dute, ezer ere mamurtu gabe, pentsamendu edo jarrera kritikoa eduki gabe. Horrez gain, ume hauek sozializatzeko arazoak izaten dituzte gerora eta nerabezaroan asko sufritzen dute, frustrazioa nagusitzen da beraiengan gainontzekoekin harremanak izateko zailtasun handiak dituztela ohartzen direnean. Beraz, eta arazoak konpontzea baino errazagoa arazoak ekiditea edo saihestea dela jakinik, eskolaz kanpoko ekintzak primerako irtenbideak dira gaur egungo umeek etorkizun hurbil batean aipatutako arazorik izan ez ditzatzen .

Oso garrantzitsua da ere aipatzea umeak beraiek izan behar direla beraien aisialdian zein motatako eskolaz kanpoko ekintza egingo duten erabakitzen dutenak. Guztiz kaltegarria da erabaki hau gurasoek hartzea eta beraien seme-alabei eskolaz kanpoko ekintza zehatz bat egitea inposatzea. Era honetan lortuko den bakarra umeak ekintza horrekiko gorrotoa sentitzea da, umea gogoz kontra zerbaitetan aritzearen emaitzak inoiz ere ez dira baikorrak izango. Aldiz, umeak berak erabakitzen badu bere aisialdian zein ekintza burutu nahi duen, ekintza horrekin asebeteta sentitzeko aukera izango du, disfrutatzeko aukera izango du. Gainera, gustora ari garen zerbaitetan aritzeak gure autoestimua hobetzea dakar. Norberak bilatu behar du mundu honetan norbere tokia, norbera da norbere nortasuna eraiki behar duena. Norbere tokia bilatzea eta norbere nortasuna eraikitzea ezinbestekoak dira umeak oinarri sendo bat edukitzeko.

Beraz, eta laburbilduz, aisialdi eraginkor batek ( eskolaz kanpoko ekintzak, udalekuak...) itzelezko onurak izan ditzazke umearengan, bai onura fisikoak, baita psikologikoak ere. Beraz, aisialdi hau aberaztea eta umeen eskura jartzea hezkuntzaren munduan parte hartzen dugun guztion ardura da. Ezer gutxirako balio baitu umeek teilatua disdiratsua edukitzea ( nota onak atera, ikasgelan aditasuna mantendu, esanekoak izan...), baldin eta umeen oinarri eta zutabeak ahulak ( autoestima baxua, besteekin harremantzeko arazoak, autonomiarik eza, pasibotasuna...) badira. Hala ere, argi eduki behar dugu umeak beraiek direla beraien aisialdiko protagonista nagusi eta beraz, hezitzaileok ( guraso, irakasle...) ekintza eta esperientzia berriak bizitzera animatu ahal ditugula, baina inoiz ere ez behartu. Norberak margoztu behar baitu norbere kuadroa eta guk, hezitzaileok, kuadro hori margozteko dauden koloren anitzak erakustea dugu helburu, gero umeek beraiek aukera dezaten beraiek gustokoen duten kolorea.





Hona hemen aisialdiaren eta eskolaz kanpoko ekintzen gaia jorratzen duten hainbat webgune interesgarri (RSS) :


Ø http://sustatu.com/1142872152
Ø http://www.gaztetxoak.com/
Ø http://antzerkia.blogspot.com/2008/08/antzerkia-hezkuntza-baliabide-egokia_27.html
Ø http://www.txatxilipurdi.com/euskal-herriko-aisialdia/
Ø http://amaiamancisidor.blogspot.com/2008/01/aisialdi-eskolak.html
Ø http://revista.consumer.es/web/es/20051001/actualidad/informe1/
Ø http://www.guiainfantil.com/educacion/escuela/actividades_extra/index.htm
Ø http://bebesyembarazos.com/actividades-extraescolares-mas-recomendables/
Ø http://www.guiainfantil.com/401/los-beneficios-del-teatro-para-ninos-y-ninas.html
Ø http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&id=2940&sec=27&fecha=2010-01-11

Taldearen Aurkezpena

Gure taldean lau taldekide gara: Maider Agote, Alex Azpiazu, Jone Apraiz et Irati Bediaga. Blog hau sortu dugu etorkizuneko lanbidean horren garrantsitsuak izango zaizkigun teknologia berriak hobeto menperatzen ikasteko, eta bide batez hezkuntzaren munduko hainbat gairen inguruan gure kexka, iritzi eta hausnarketa azaleratzeko.