Aisialdia
domingo, 19 de diciembre de 2010
Umeen gabonetako parkea
martes, 30 de noviembre de 2010
GORPUTZ ADIERAZPENA ESKOLAZ KANPOKO EKINTZA ONURAGARRIA:
Aisialdian burutzen diren eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, oso aberasgarria iruditzen zaizkigu gorputz adierazpena lantzen duten ekintzak. Aberasgarritasun honen arrazoiak argi islatzen dira iruzkin honi atxikitako bideoan.
Umeen garapenerako oso baliotsua da jolastu, sortu eta mugimenduaren bidez deskubritzea. Umeek askatasuna behar dute beraien kabuz beraien bidea lantzen joateko, kanpokoek markatu edo inposatu gabeko bidea. Gorputz adierazpena oso era egokia da pertsonak barruan duena ( irudimena, sentsibilitatea, sentimenduak, emozioak...) era libre batean kanporatzeko. Ez dago araurik, sentimenduek eta bulkadek agintzen dute, mugimendurako askatasuna da nagusi. Umeak bere barnetik ateratzen du bere mugimendu propioa.
Gainera, ekintza edo klase hauetan ez dago “ondo” edo “txarto”egiterik. Ez dago epaitua izatearen beldurrik. Izan ere, perfekzioa alde batera uzten da eta inperfekzioa baloratzen da. Denok baikara ezberdinak, eta beraz, aniztasuna da baloratu behar dena, aniztasunak baitakar edertasuna.
Era honetan umeek mundu berri bat deskubritzeko aukera dute: beraien sortzeko gaitasuna deskubritzen eta aztertzen dute, komunikatzeko gaitasuna garatzen dute ( formak, sentsasioak...elkarbanatzen). Apurka-apurka norbere nortasuna eraikitzen doaz, norberaren buruarekiko eta kideekiko konfidantza garatzen eta autoestimua igotzen.
EUSKARAREN GARRANTZIA AISIALDI ETA JOLASETAN:
Umeak euskara hizkuntza baliagarria dela sentitu behar du, komunikatzeko balioa duela. Horrela, euskal jolasen bidez umeei euskaraz komunikatuz ondo pasatzen lagunduko diegu, gure hizkuntza dibertitzearekin erlazionatuz.
Bideo honek argi islatzen du euskara eskolako lau paretatik kanpo hedatzearen garrantzia. Gero eta ume eta nerabe gehiago dira ( batez ere oso euskalduna ez diren herrialdeetakoak, bideoan agertzen den Santurtziko kasua bezala) euskara eskolarekin bakarrik erlazionatzen dutenak. Honen ondorioz, euskaraz jakin arren, beraien egunerokotasunean ez dute hizkuntza hau erabiltzen gainontzekoekin komunikatzeko.
Gure ustetan hizkuntza bat baldintzak, subjuntiboa, ahalera...eta beste hainbat arauetatik eta formetatik haratago doan zerbait da. Hizkuntza batek aukera eman behar du beraren bidez jolasteko, maitemintzeko, deskubritzeko, haserratzeko, alaitzeko... eta arlo guzti hauetan askotan hankamotz edo hutsunez beteta geratzen da euskara. Ondorioz, bideoko mutil batek dioen bezala, kalean gaztelania erabiltzeko joera dago, erosoagoa baita.
Guk proposatzen duguna euskararen garrantzia jolasetan islatzea da. Era honetan, umeek txikitatik barneratuko dute era inkontziente batean gure hizkuntza hau eta beraien aisialdiarekin erlazionatuko dute. Umeak, eta batez ere beraien ama hizkuntza euskara ez dutenak, batzuetan lotsatu egiten dira edota beldurtu euskaraz mintzatzerakoan, izan ere akatsak egingo dituztenaren beldur dira. Kasu hauetan begiraleak kontuarekin jokatu behar dugu eta trasmititu beharra dugu, irakasle batek bideoan esaten duen bezalaxe, nahiz eta akatsak egin garrantzitsuena erabiltzea dela. Izan ere, eroriz ikasten da oinez. Hizkuntza bat ere erabiltzen ikasten da eta berau erabiltzeko oso baliabide eraginkorrak dira jolasak.
ASTIALDI KONTSUMOA ETA ASTIALDIRAKO HEZIKETA
Ongizate eta zoriontasun irudia kanpotik bidaltzen digute, baina guk gurea bilatu behar dugu. Astiladirako heziketaren bitartez bizitzaren idealak, baloreak, landu ahal dira. Gizartea eraldatu, alternatiba berriak sortuz.
Baina galdera honako hau da: ba al dakite egungo haur eta nerabeek astialdia erabiltzen?
Gaur egun, aisia eta kontsumoa elkarrekin doaz. Esan daiteke, kontsumo oro aisia dela, eta aisia oro kontsumoa. Kontsumo-gizartearen joeretako bat, aisiari garrantzi handiagoa ematea da, gauza edo objektu kontsumoaren alde. Kontsumoa egoera honetaz baliatu da eta balore ekonomikoekin erlazionatzen da ( Aisia= dirua gastatu), eta haur eta nerabeak kontsumorako objektuak bilakatzen dira. Aisiarako produktuak eta egoerak inposatzen dizkigute, boteredunek ezarri duten kontsumo-gizarte kulturaren bitartez. Beraien helburua gizarteko kide guztaik talde menperatzailearen balio berberak edukitzea da. Gure bizitza eta gure ondorengoena bideratu nahi dute.
Ekintzen egituraketa bat ematen da. Bai denboraren aldetik- oporrak, asteburuak, zubiak- bai bitartekoen bitartez- telebista, dvd-a, mugikorra, kontsola- eta baita merkatal guneen bidez ere, non denetarik egin dezakegun bertan: “Zara”-n erosketak egin, biolentziaz beteriko film yanki bat ikusi, Mac Donalds-era joan hanburgesa bat jatera, boloetan jolastu...
miércoles, 27 de octubre de 2010
Aisialdiaren historia
Ugaritu egiten dira formazio-ikastaroak eta mintegiak begiraleen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Proeiktuak eta jarduerak modu landuago batez antolatuko dira; Programazioa, plangintza, ebaluaketa
Oro har, aisialdiko talde ezberdinek azaltzen zuten "egonezina" azpimarra daiteke, horrek dituen alde positiboenak nabarmenduz. Eskaut taldeetan, parrokiako taldeetan nahiz talde laikoetan gertatzen ari ziren mugimenduak aisialdiaren zabalkunde eta garapenaren seinale eta ondorio lirateke. Denek bilatzen zuten helburu berbera; haur eta nerabeen aisialdia helburuz nahiz eduki hezitzaile sendoarekin hornitzea.
Gero eta jolastoki gehiago antolatzen hasi ziren( ludotekak, haurrentzako liburutegiak...), batez ere hiri giroko tokietan. Bertan beldur anitzak sortzen dira kalearen inguruan; drogak, lapurretak edo koadrilen arteko biolentzia esate baterako. Giro horretan kalea haurrak egoteko leku ezegokia eta arriskutsua bilakatzen da.
XX. mendeko azken hamarkadak eragile eta eskaintzaren dibertsifikazio zabala ekarriko du. Aisialdi hezitzailearen ibilbide historiko honen hasieran (70.hamarkadan) zegoen hutsunea azpimarratzen bagenuen, egun, aisiaren esparruan dagoen eskaintzaren ugaritasuna da azpimarratu beharrekoa.
90. hamarkadan egon diren berririk esanguratsuenak hauexek dira; Lehendabizi, joera berriak aurkituko ditugu betiko aisialdiko taldeen baitan. Gainera, kale-animazioarako talde eta enpresa txikiak sortzen dira aisialdiko taldeen begiraleen ekimenez.
Udako jardueretan zabaldu egiten da eskaintza udaleku espezializatuekin (ingelesa, informatika edo kirol baten trabatzeko antolatuak)
Baina 90. hamarkadan dagoen berrikuntzarik adierazgarriena ikastetxei dagokiena da; eskolaz kanpoko jardueren antolaketak gero eta garrantzi handiago hartuko du. LOGSE legearen eskutik, ikastetxe bakoitzean definitu beharreko proiektu hezitzaileak ingurune sozial hurbilean txertatzeko borondatea azalduko du, beti ere, hezkuntza integrala eskaintzeko asmoz. Beherakada demografikoak eta, ondorioz, haurrak eta gurasoak erakartzeko dagoen lehiak, zerikusi zuzena du ere ikastetxe ezberdinetan zabalduko den hezkuntzako eskaintza osoa eta zerbitzu osagarriak eskaintzeko joerarekin.
Aisialdiko ekimen publikoak eta jarduerak horiek duten presentzia gero eta garrantzitsuagoa baldin bada ere, eragile horien parean sortu berri den beste kategoria baten protagonismoa azpimarratu beharko da; enpresa pribatuena, hain zuzen ere.
Orain arte aipatutakoa laburbilduz, azken hamarkadetan aisialdiak bizi duen garapena ikusgarria izan dela esan daiteke, agertu diren dinamika berriak, protagonista berriak, asmo eta helburu berriak anitzak izanik.
Aisialdiaren historia
Kalean eta inguruan antolatzen zenaz aparte, aisialdiaren inguruan burutzen ziren bestelako ekimen batzuk aipatu beharko lirateke, besteak beste kirola eta zenbait kultur jarduera.
Kirola ohiartzun handiko jarduera izan da betidanik. Salbuespen asko egonda ere, kirola edozeinek egin zezakeen aisialdiko jarduera litzateke eta aztertzen ari den hamarkadan ere haur eta nerabeen aisialdian garrantzia hartuz joan zen. Kirol batzuk beste batzuk baino zabalduago egongo dira beti eta bertan parte hartzeko aukerak kirol batetik bestera oso ezberdinak izan dira.
Kirol munduaz gain, hainbat kultur jarduera aipatu beharko lirateke 70.hamarkadan aisialdiaren inguruan zegoen eskaintzaren azterketa osatzeko. Hala nola, musika, dantza eta atzerriko hizkuntzak.
Aipatutako esparru zabal honen aurrean aukera asko agertzen ziren, baina horrekin batera zenbait mehatxu eta ahulezi agerian gelditzen ziren; besteak beste, bitarteko material falta eta, batez ere aisialdiaren inguruan mugitzen ziren antolatzaileen esperientzia eta formazioaren gabeziak.
Udaleku eta kanpamentuen antolaketak giza baliabide eta azpiegitura antolatzaileekin aisialdiko talde edo klub egonkorrak sortarazi zituen. Garai hartan ilusio eta gogo handiko momentua bizi zen osatzen ari zen aisialdirako eskaintza eta mugimenduaren inguruan. Zentzu horretan aldaketa nagusia aisialdiko taldeen osaketan kokatu zen, ordura arte intuitiboki eta era informal batean lanean aritzen ziren zenbait talde era antolatuan osatzera eta funtzionatzera pasatu baitziren.
Aisialdia, denbora librea izatetik, landu eta garatu beharreko denbora izatera pasatzen da, hots, aisialdia bera helburu bat izatetik beste helburu batzuk lantzeko bitartekari garrantzitsua bilakatzen da.
Helburua ez da soilik izango ondo pasatzea eta aktibitate ludikoak egitea, baizik eta proiektu hezitzailea modu partehartzailean definitzea eta garatzea. Proiektuan egongo dira alderdi ludikoak, alderdi kognitiboak eta alderdi etikoa eta erlijiosoa.
Proiektuaren iraunkortasunak eta izaera prozesualak konpromiso sendoa eta egonkorra eskatuko die begiraleei zein haurrei.
Beraz, esan dezakegu, ekintza hauen garrantzia gero eta handiagoa dela, eta horien inguruan dagoen eskaintza gero eta oparoagoa dela.
miércoles, 13 de octubre de 2010
Aisialdia
Gainera, zoritxarrez gaur egungo gizarte honetan umeak gero eta indibidualistagoak eta itxiagoak bihurtzen ari dira. Aktibo izatetik pasibo izatera pasa dira eta errutinak umeen ilusioa irentsi duelakoan gaude. Gero eta ume gehiago dira arratsalde osoa telebistari begira edo Play Stationetik begirada kendu gabe egoten direnak. Pasibotasun horren ondorioz, gorputza ez garatzeaz gain, burua ere ez dute garatzen. Honela, gizarteak eta batez ere komunikabideek eskeintzen duten guztia inbututik irensten dute, ezer ere mamurtu gabe, pentsamendu edo jarrera kritikoa eduki gabe. Horrez gain, ume hauek sozializatzeko arazoak izaten dituzte gerora eta nerabezaroan asko sufritzen dute, frustrazioa nagusitzen da beraiengan gainontzekoekin harremanak izateko zailtasun handiak dituztela ohartzen direnean. Beraz, eta arazoak konpontzea baino errazagoa arazoak ekiditea edo saihestea dela jakinik, eskolaz kanpoko ekintzak primerako irtenbideak dira gaur egungo umeek etorkizun hurbil batean aipatutako arazorik izan ez ditzatzen .
Oso garrantzitsua da ere aipatzea umeak beraiek izan behar direla beraien aisialdian zein motatako eskolaz kanpoko ekintza egingo duten erabakitzen dutenak. Guztiz kaltegarria da erabaki hau gurasoek hartzea eta beraien seme-alabei eskolaz kanpoko ekintza zehatz bat egitea inposatzea. Era honetan lortuko den bakarra umeak ekintza horrekiko gorrotoa sentitzea da, umea gogoz kontra zerbaitetan aritzearen emaitzak inoiz ere ez dira baikorrak izango. Aldiz, umeak berak erabakitzen badu bere aisialdian zein ekintza burutu nahi duen, ekintza horrekin asebeteta sentitzeko aukera izango du, disfrutatzeko aukera izango du. Gainera, gustora ari garen zerbaitetan aritzeak gure autoestimua hobetzea dakar. Norberak bilatu behar du mundu honetan norbere tokia, norbera da norbere nortasuna eraiki behar duena. Norbere tokia bilatzea eta norbere nortasuna eraikitzea ezinbestekoak dira umeak oinarri sendo bat edukitzeko.
Beraz, eta laburbilduz, aisialdi eraginkor batek ( eskolaz kanpoko ekintzak, udalekuak...) itzelezko onurak izan ditzazke umearengan, bai onura fisikoak, baita psikologikoak ere. Beraz, aisialdi hau aberaztea eta umeen eskura jartzea hezkuntzaren munduan parte hartzen dugun guztion ardura da. Ezer gutxirako balio baitu umeek teilatua disdiratsua edukitzea ( nota onak atera, ikasgelan aditasuna mantendu, esanekoak izan...), baldin eta umeen oinarri eta zutabeak ahulak ( autoestima baxua, besteekin harremantzeko arazoak, autonomiarik eza, pasibotasuna...) badira. Hala ere, argi eduki behar dugu umeak beraiek direla beraien aisialdiko protagonista nagusi eta beraz, hezitzaileok ( guraso, irakasle...) ekintza eta esperientzia berriak bizitzera animatu ahal ditugula, baina inoiz ere ez behartu. Norberak margoztu behar baitu norbere kuadroa eta guk, hezitzaileok, kuadro hori margozteko dauden koloren anitzak erakustea dugu helburu, gero umeek beraiek aukera dezaten beraiek gustokoen duten kolorea.
Hona hemen aisialdiaren eta eskolaz kanpoko ekintzen gaia jorratzen duten hainbat webgune interesgarri (RSS) :
Ø http://www.gaztetxoak.com/
Ø http://antzerkia.blogspot.com/2008/08/antzerkia-hezkuntza-baliabide-egokia_27.html
Ø http://www.txatxilipurdi.com/euskal-herriko-aisialdia/
Ø http://amaiamancisidor.blogspot.com/2008/01/aisialdi-eskolak.html
Ø http://revista.consumer.es/web/es/20051001/actualidad/informe1/
Ø http://www.guiainfantil.com/educacion/escuela/actividades_extra/index.htm
Ø http://bebesyembarazos.com/actividades-extraescolares-mas-recomendables/
Ø http://www.guiainfantil.com/401/los-beneficios-del-teatro-para-ninos-y-ninas.html
Ø http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=2&id=2940&sec=27&fecha=2010-01-11