Aisialdian burutzen diren eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, oso aberasgarria iruditzen zaizkigu gorputz adierazpena lantzen duten ekintzak. Aberasgarritasun honen arrazoiak argi islatzen dira iruzkin honi atxikitako bideoan.
Umeen garapenerako oso baliotsua da jolastu, sortu eta mugimenduaren bidez deskubritzea. Umeek askatasuna behar dute beraien kabuz beraien bidea lantzen joateko, kanpokoek markatu edo inposatu gabeko bidea. Gorputz adierazpena oso era egokia da pertsonak barruan duena ( irudimena, sentsibilitatea, sentimenduak, emozioak...) era libre batean kanporatzeko. Ez dago araurik, sentimenduek eta bulkadek agintzen dute, mugimendurako askatasuna da nagusi. Umeak bere barnetik ateratzen du bere mugimendu propioa.
Gainera, ekintza edo klase hauetan ez dago “ondo” edo “txarto”egiterik. Ez dago epaitua izatearen beldurrik. Izan ere, perfekzioa alde batera uzten da eta inperfekzioa baloratzen da. Denok baikara ezberdinak, eta beraz, aniztasuna da baloratu behar dena, aniztasunak baitakar edertasuna.
Era honetan umeek mundu berri bat deskubritzeko aukera dute: beraien sortzeko gaitasuna deskubritzen eta aztertzen dute, komunikatzeko gaitasuna garatzen dute ( formak, sentsasioak...elkarbanatzen). Apurka-apurka norbere nortasuna eraikitzen doaz, norberaren buruarekiko eta kideekiko konfidantza garatzen eta autoestimua igotzen.
Aisialdia
martes, 30 de noviembre de 2010
GORPUTZ ADIERAZPENA ESKOLAZ KANPOKO EKINTZA ONURAGARRIA:
NOLA AUKERATU ESKOLAZ KANPOKO EKINTZARIK EGOKIENAK:
Eskolak kanpoko ekintzei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko, hauek egoki aukeratzen jakin beharra dago. Iruzkin honekin atxikirik doan bideoak hainabt gomendio interesgarri ematen ditu eskolaz kanpoko ekintza hauek aukeratzean kontuan eduki beharko genituzkeenak.
Alde batetik, eskolaz kanpoko ekintzak ez dira inola ere ez inposatuak izan behar. Umea da protagonista eta beraz, bera izan behar da ilusioz eta gustura burutuko dituena ekintza hauek. Ondorioz, gurasoen interesak bigarren maila batean geratu behar dira eta ezinbestekoa da umearen iritzia entzutea. Guraso eta seme-alaben artean komunikazioa egotea oso garrantzitsua da, era honetan gurasoek ahalik eta ondoen ezagutuko baitute beraien umea, baita ume honen barrena eta barren horrek asetuta egoteko behar duena ere.
Nahiz eta umearen pasibotasuna desegokia izan eta beronek bere aisialdi librean ekintzak burutzea egokia izan, jarduera larregi burutzea ere ez da egokia. Izan ere, muturreko egoerak beti dira kaltegarriak. Honela ba, astean hiru ordu baino gehiago eskaintzea eskolaz kanpoko ekintzei ez da egokia. Haurrak denbora eduki behar du bere aisialdi libre propiorako, ikasketetarako, familiarekin erlazionatzeko...Umeari ez zaio dena antolatuta eman behar, berak ere bere denbora antolatzen jakin behar du. Gainera, aipatutako familiarekiko erlazioa oso garrantzitsua da, eta gaur egun tamalez, gero eta ume gehiago dira gurasoekin oso denbora gutxi pasatzen dutenak.
Azkenik, aipatu beharra dago eskolaz kanpoko ekintza guztiek beraien alde onak eduki arren, beraien artean oso ezberdinak direla eta bakoitzak ekarpen ezberdinak egiten dizkiola haurrari. Adibidez, kirolak oso egokiak dira umearen osasuna hobetzeko, elkartasuna indartzeko...Bestalde, musika edota dantzak kontzentratzeko balio dute, baita arduratsuak izaten laguntzeko ere. Hizkuntzak ikastera bideratutako ekintzak berriz, umeentzat oso aberasgarriak dira, izan ere garai honetan haurrek dena xurgatzen dute.
JOLASETAN JOSTAILU SEXISTEK EGITEN DUTEN KALTEA:
Umeek txikitatik jasotzen dituzte zeharkako mezu sexistak. Mezu hauek argi eta garbi islatzen dira jostailuetan, baita jostailu hauen inguruan egiten den publizitatean ere. Publizitate edo iragarki hauen adibideak iruzkin honekin batera jarri dugun bideoan agertzen dira.
Gabonetan gaude, Olentzero, opariak, jai egunak, kontsumo neurrigabea... eta urtero bezala iragarki asko irentsi eta murtxikatzeko sufrikariotik pasatzen ari gara. Eta berriz ere, urtero bezala, telebistan, aldizkarietan eta hedabideetan oro har agertzen den publizitate hori guztia sexista dela salatu beharrean aurkitzen gara, publizitatearen eduki eta moldeetan ez baita aldaketarik izan. Egungo publizitateak sexuen araberako rolen bereizketari bere hartan eusten dio, eta zoritxarrez eragin ikaragarria du jendartean.
Esan bezala, publizitate sexista asko dago, baina bereziki haurrentzat dena salatu nahi dugu. Telebistako iragarkiak edota jostailuen katalogoak ikustea nahikoa da egoeraren larriaz jabetzeko. Neskei zainketa lanetara eta apain egotera bideratutako panpina eta jolasak egokitzen zaizkie, etorkizunean «emakume» eredugarri izateko. Mutikoei, ordea, askotariko jostailuen bidez abentura anitz bizitzera, arriskatzera, ibilgailuen funtzionamendua kontrolatzera, eta ausardiarekin, espazioaren agintea izatera hel daitezkeela irakasten zaie. Iragarki horietan ez dira produktu baztuk merkatu jakinetara bakarrik bideratzen, baizik eta merkatu horietako partaideei nolakoak izan behar duten esaten zaie.
Haurrak, pixkanaka, agente sozializatzaile askoren bidez balio jakin batzuk eskuratzen ari dira, eta adin tarte horretan publizitateak duen eragina berebizikoa da. Etorkizuneko pertsonak hezten ari gara, baina ez gu bakarrik, komunikabideak ere heziketa horren parte dira, eta publizitateak tarte izugarria du espazio horretan. Iragarkiak ikaskuntzarako bitarteko eraginkor eta azkarrak dira. Horien bidez, ideia argi eta sinpleak haurren gogamenean erraz sartzen dira. Beraz, jostailuen inguruko publizitateak, haurrek beren sexuarekiko egiten duten identifikazioan eragin zuzena du.
Jostailuen katalogo eta iragarki asko eta askotan, parekidetasunean hezteko eskubidea urratzen da, eta eduki diskriminatzaileak igortzen zaizkie haurrei. Koloreen bereizketaren, estiloaren nahiz erabilitako hizkuntzaren bidez, rol eta funtzio ezberdinak garatzen dituzte neska edo mutil izan. Esaterako, neskentzako iragarkietan, estilo goxoa erabiltzen da, eta samurtasun adierazpenak nagusitzen dira. Mutilentzako mezuak, berriz, ezaugarri menperatzaileak dituzte, baita lehiakortasunari lotutako adierazpenak ere. Nesken iragarkietan ahots goxoak nagusitzen dira, eta mutilentzakoetan ahots autoritarioak.
Beraz, jostailu bakoitzak bere funtzioa du eta edozein jostailu eta jolasaren bidez balore ezberdinak lantzen dira, batzuk positiboak eta beste batzuk negatiboak. Ezaguna da jostailu eta jolasek duten garrantzia eta duten balore hezitzailea, ugariak baitira hauen bidez lantzen diren balore eta arloak; errespetua, berdintasuna, komunikazioa, sozializazioa, afektibitatea, psikomotrizitatea, hizkuntza eta abar luze bat...Ondorioz, gurasoei, jostailuen inguruan dagoen publizitate zaparrada tentuz aztertzeko eta haurrentzako jostailuen aukeraketa arduratsua egiteko eskatzen diegu.
Publizitateari dagokionez, Publizitate duina eskatzen dugu, sexuen arabera diskriminaziorik sortzen ez duena.
EUSKARAREN GARRANTZIA AISIALDI ETA JOLASETAN:
Umeak euskara hizkuntza baliagarria dela sentitu behar du, komunikatzeko balioa duela. Horrela, euskal jolasen bidez umeei euskaraz komunikatuz ondo pasatzen lagunduko diegu, gure hizkuntza dibertitzearekin erlazionatuz.
Bideo honek argi islatzen du euskara eskolako lau paretatik kanpo hedatzearen garrantzia. Gero eta ume eta nerabe gehiago dira ( batez ere oso euskalduna ez diren herrialdeetakoak, bideoan agertzen den Santurtziko kasua bezala) euskara eskolarekin bakarrik erlazionatzen dutenak. Honen ondorioz, euskaraz jakin arren, beraien egunerokotasunean ez dute hizkuntza hau erabiltzen gainontzekoekin komunikatzeko.
Gure ustetan hizkuntza bat baldintzak, subjuntiboa, ahalera...eta beste hainbat arauetatik eta formetatik haratago doan zerbait da. Hizkuntza batek aukera eman behar du beraren bidez jolasteko, maitemintzeko, deskubritzeko, haserratzeko, alaitzeko... eta arlo guzti hauetan askotan hankamotz edo hutsunez beteta geratzen da euskara. Ondorioz, bideoko mutil batek dioen bezala, kalean gaztelania erabiltzeko joera dago, erosoagoa baita.
Guk proposatzen duguna euskararen garrantzia jolasetan islatzea da. Era honetan, umeek txikitatik barneratuko dute era inkontziente batean gure hizkuntza hau eta beraien aisialdiarekin erlazionatuko dute. Umeak, eta batez ere beraien ama hizkuntza euskara ez dutenak, batzuetan lotsatu egiten dira edota beldurtu euskaraz mintzatzerakoan, izan ere akatsak egingo dituztenaren beldur dira. Kasu hauetan begiraleak kontuarekin jokatu behar dugu eta trasmititu beharra dugu, irakasle batek bideoan esaten duen bezalaxe, nahiz eta akatsak egin garrantzitsuena erabiltzea dela. Izan ere, eroriz ikasten da oinez. Hizkuntza bat ere erabiltzen ikasten da eta berau erabiltzeko oso baliabide eraginkorrak dira jolasak.
ASTIALDI KONTSUMOA ETA ASTIALDIRAKO HEZIKETA
Ongizate eta zoriontasun irudia kanpotik bidaltzen digute, baina guk gurea bilatu behar dugu. Astiladirako heziketaren bitartez bizitzaren idealak, baloreak, landu ahal dira. Gizartea eraldatu, alternatiba berriak sortuz.
Baina galdera honako hau da: ba al dakite egungo haur eta nerabeek astialdia erabiltzen?
Gaur egun, aisia eta kontsumoa elkarrekin doaz. Esan daiteke, kontsumo oro aisia dela, eta aisia oro kontsumoa. Kontsumo-gizartearen joeretako bat, aisiari garrantzi handiagoa ematea da, gauza edo objektu kontsumoaren alde. Kontsumoa egoera honetaz baliatu da eta balore ekonomikoekin erlazionatzen da ( Aisia= dirua gastatu), eta haur eta nerabeak kontsumorako objektuak bilakatzen dira. Aisiarako produktuak eta egoerak inposatzen dizkigute, boteredunek ezarri duten kontsumo-gizarte kulturaren bitartez. Beraien helburua gizarteko kide guztaik talde menperatzailearen balio berberak edukitzea da. Gure bizitza eta gure ondorengoena bideratu nahi dute.
Ekintzen egituraketa bat ematen da. Bai denboraren aldetik- oporrak, asteburuak, zubiak- bai bitartekoen bitartez- telebista, dvd-a, mugikorra, kontsola- eta baita merkatal guneen bidez ere, non denetarik egin dezakegun bertan: “Zara”-n erosketak egin, biolentziaz beteriko film yanki bat ikusi, Mac Donalds-era joan hanburgesa bat jatera, boloetan jolastu...
ZERGATIK JOLASTEN DUGU:
1) Energia gehiegi: umeak, betebeharrak asetzen gastatu beharko lukeen energia hori, nolabait erre behar du, beraz, jolasaren bidez egingo du. Nagusiek lanaren bidez gastatzen dute energia hau.
2) Erlajatzearena: jendeak tentsioa eskatzen duten ekintzak egin behar ditu egunean zehar eta tentsio hau libratzeko ekintza ludikoak egiten dira, hau da, jolasa. Tentsioa eskatzen duten ekintza hauek arau konkretuak ituzte eta hauetaz konturatzea eskatzen dute.
3) Praktikarena: entsegu, saiaketa edo aurre ariketa bezala jolasten dugu, eta hau beharrezkoa da geroko ekintzak ondo burutzeko (jolasak ez direnak).
4) Rekapitulazioarena: jolasaren bidez gizakion eboluzioan zehar emandako aurrerapausuak azalaratzen dira. Gure espeziea etapa batzuetatik pasatu da mendeetan zehar eta garapen hau umearen jolasean ematen da berriro.
Lau teoria hauez gain, Freud eta Vigotskik egindakoak ere aipatu behar dira:
- Freud: psikoanalisia aztertu zuen lehenengo psikologoa. Berak dioenez ume guztiek gogo konkretu batzuk dituzte. Batzuk kontrol soziala dagoelako ezin dira gauzatu eta jolasa gogo hauek bideratu edo gauzatzeko biderik inportanteena da. Horrela, jolasaren bidez atsekabeak kanporatu daitezke.
- Vigotski: teoria sozio-kulturalaren sortzailea. Jolasak ekintza sozialak dira eta hauetan besteekin elkarrekintzan sartzen gara eta ekintza sozial hauen bidez umea ohartzen da jolas horretan hartzen duen papera osagarria dela besteek duten paperarekin, beraz bere paperak funtzioa daukala besteak dauden heinean, horrela besteen garrantziaz ere ohartuz. Hau oso garrantzitsua da enpatia lantzen hasteko, hau da, beste pertsona baten lekuan jartzen jakiteko.
AISIALDIAN SEXISMOARI AURRE EGITEN ETA SEXUALITATEA LANTZEN:
Urtxintxa eskolakoak aisialdiak umeen hezkuntza prozesu integral eta osoan duen garrantziaz ohartuta daude eta sexismoa gainditzeko eta sexualitatea lantzeko hainbat liburuxka argitaratu dituzte. Hona hemen hauetako batzuk eta hauen inguruko informazioa:
Ø Aisialdian jolasen bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta:
Xake mate bildumaren 6. liburuxka honekin, jolas hezkidetzailearen garrantziaz kontziente izateko eta honetan hausnartzeko propposamena egin nahi dizuegu. Helburua, jolasaren lanketaren bidez sexismoari aurre egitea!
Ezaguna da, jolas jarduerek haurren garapenean duten garrantzia. Jolasaren bidez, zentzuak (ukimena, ikusmena, entzumena…) garatzen dituzte, pertsonak ezagutzen ikasten dute, besteekiko portaera eta errespetu-ohiturak bereganatzen dituzte, irudimena eta fantasia lantzen dute, oroimena lantzen dute, eta abar. Jolasari esker, inguruarekin komunikatzen ikasten dute.
Hala ere, ezin da ahaztu, jolas ugari daudela eta guztiek ez dituztela abilezia berdinak bultzatzen eta errazten. Jolasaren bidez, pertsonen arteko harremanetarako balio berriak irakatsi eta ikasi ahal dira; bizikidetzarako eta berdintasunerako balioak, norbere identitatea generoetatik aparte garatuz alegia.
Ø Aisialdian sexualitatearen lanketaren bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta :
Liburuxka honen helburua, sexismoa gainditzeko sexualitatearen kontzientzia eta auto-erregulazioa bultzatzea eta sexismoaren eraginetik aske bizitzeko deia egitea da.
• “Xake Mate V. Astialdian sexualitatearen lanketaren bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta”. 2008an egindako liburuxka. Udan zehar ume eta gazteen begirale eta hezitzaileei helarazi genien. Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. Euskaraz.
• Gure gorputzaren posibilitate, muga eta funtzioak ezagutzea, gure sexualitatea beldurrik eta atsekaberik gabe eta nola ez arduraz, bizi ahal izateko ezin besteko oinarri da. Ez dago sexualitatea bizitzeko modu bakarra. Gutako bakoitzak pertsona bakarra bihurtzen gaituzten ezaugarri bereziak ditugu eta zentsu honetan, izateko erak, pentsatzeko erak, sentipenak, gorputzak… anitzak dira. Sexualitatea bizitzeko erak hamaika dira, pertsonak beste!
http://www.urtxintxaeskola.org/deskargak/xake_mateV.pdf
Ø Aisialdian emozioen bidez sexismoari aurre giteko aholku sorta:
Liburuxka honen helburua, sexismoa gainditzeko emozioen kontzientzia eta autoerregulazioa bultzatzea eta emozioak sexismoaren eraginetik aske bizitzeko deia egitea da. • “Xake Mate. Astialdian emozioen bidez sexismoari aurre egiteko aholku sorta”. 2007an egindako liburuxka. Udan zehar ume eta gazteen begirale eta hezitzaileei helarazi genien. Foru Aldundiak lagundu zuen. Euskaraz. • Emozioak, bidea argitzen duten harribitxiak dira, nora eta nola joan belarrira xuxurlatzen diguten ahotsak. Gure bidean argiak ikusteko, ordea, beharrezkoa da emozioek xuxurlatzen digutena entzutea, besteen emozioak zein norberarenak jotzen duten sintonia aditzea eta beraien kilikilian dantzatzea, gutxienez une batez… Helburua bidea egitea da, hobetzea.
http://www.urtxintxaeskola.org/deskargak/200709111204110.xakemate07.pdf
KONFIANTZA JOLASAK. HAUSNARKETA:
Haurrek ikusten duten hartara jolasten dute; konfiantzazko harremanetan egituratutako helduen gizarte bat ikusten badute, haurrek interakzio egitura horiek erabiliko dituzte euren jolasetan; aldiz, konpetitibitatea ikusten badute, euren artean lehiatuko dira. Beraz, konfiantza jolasen jatorria bere kideen arteko harremanak konfiantzazkoak diren gizarteetan koka dezakegu.
Ematean eta jasotzean oinarritzen diren jolasak dira. Hori da konfiantza jolasen funtsa; laguntza ematea eta jasotzea taldeko helburu komunetara iristeko. Komunikazioa eta kohesioa bultzatzen dituzten jolasak dira eta oinarrian duten ideia da elkar onartzea, laguntzea eta gauzak partekatzea elkarrekin jolastuz eta sortuz.
Hiru funtzio nagusi dituzte. Lehenengoa prebentzioa da, zeren sozializazio arazoak aurreikus baitaitezke jolasen bitartez. Bigarren funtzioa haurren garapen soziala eta emozionala da. Eta hirugarren funtzioa terapeutikoa da, garapen arazoak dituzten haurren integrazio sozialari eta oreka emozionalari laguntzen baitiote.Zehatzago esanda, jolas hauek haurrei besteak kontuan hartzen erakusten diete, helburu komunak lortzeko laguntza ematen eta jasotzen, besteekin laguntza eta lankidetza harremanak edukitzen... Horregatik guztiagatik garapen integrala bultzatzeko erabil daitezke bai hezkuntza formalean eta bai ez formalean, eta baita arazo klinikoak eta terapeutikoak dituzten haurrei laguntzeko ere.
KONFIANTZA JOLASAK. ADIBIDEAK:
Ø ESTATUAK: Hirunaka jartzen dira. Taldeko batek begiak estaliak ditu. Beste batek postura bat hartzen du, begiak estalita dituenak postura hori kopiatzen saiatuko da. Horretarako begiak estalita dituen horrek bere kidearen gorputza zehatz mehatz ukitu beharko du. Hirugarren pertsonak, begiak estalita dituena postura egokian dagoela uste duenean, honek begietan duen benda edo zapia kenduko dio. Gero paperak aldatu egingo dira.
Ø HAIZEA ETA ZUHAITZA: Taldekide bat erdian jarriko da begiak estaliak dituelarik. Besteak bera inguratzen, mugitzen eta eusten egongo dira. Erdiko umeak bere gorputza “hilda” utzi beharko du.
Ø KROKETAK: Taldekideak lurrean etzaten dira eta besoak goian uzten dituzte. Gero banaka taldekideen gainetik pasatu beharko dira, daukaten posizio bera mantenduz eta bueltak emanez. Batek bukatzen duenean hurrengoa hasiko da.
Ø TXIO-TXIO: Taldekideen artean bat oiloa izango da eta besteak txitak. Leku ilun batean burutuko den ekintza izango da. Txitek oiloa aurkitu behar dute eta horretarako jendearengana joan behar dira eta “txio-txio” esan. Beste pertsonak “txio-txio” esaten erantzuten badio, bera ere txita dela esan nahiko du eta ondorioz, oiloa bilatzen jarraitu beharko du. Baina halako batean, besteak ez badio erantzuten bera oiloa dela esan nahiko du eta eskua emango dio txitak oiloari. Horrela jarraituko du jolasak txita guztiak oilo bihurtu arte eta oilo guztiek beraien artean kate bat osatu arte.
ZAPATILA PAREA BILATU: Binaka jarriko dira umeak. Partaide batek begiak estaliak izango ditu. Beste partaideak lekutik mugitu gabe zapatila parea urkitzen eta gero bera dagoen lekura bueltatzen lagunduko dio ahoz instrukzioak emanez.
SORMENEZKO JOLAS KOOPERATIBOAK. HAUSNARKETA:
1.- Partaidetza: jolas hauetan taldeko guztiek parte hartzen dute, inoiz ez da inor kanporatzen eta ez dago ez irabazlerik ez galtzailerik. Jolasen xedea da helburu komunak lortzen laguntzea, eta horretarako partaide bakoitzak beharrezkoa den zeregin bat du taldearen barruan.
2.- Komunikazioa: jolas guztiek talde barruko komunikazio prozesuak egituratzen dituzte. Haurrek entzun, hitz egin, erabakiak hartu, negoziatu... egin behar dute. Horrek guztiak elkarren arteko komunikazioa (ahozkoa nahiz ez ahozkoa) bultzatzen du, entzuketa aktiboko ohiturak bultzatzen ditu, entzuten eta besteek esaten dutena kontuan hartzen ikasten dute, elkarrizketarako gaitasuna garatzen laguntzen du, komunikazio zirkularra eta bi norabidetakoa sortzen da...
3.- Lankidetza: hau izango litzateke elementurik nagusiena. Jolasek bultzatzen duten dinamikak parte-hartzaileak elkarri laguntzera bideratzen ditu baldin eta helburu komuna lortu nahi badute. Hau da, denek parte hartzen ez badute ez dute helburua lortzen.
4.- Fikzioa eta sormena: jolas askotan sugea, trena, kanpaiak "izango bagina bezala" jolasten da. Irudikatu egin behar da eta horregatik elkarrekin sortzera eta asmatzera bultzatzen dute jolasek.
5.- Dibertsioa: esperientzia horiekin haurrek lagunartean, positiboki eta modu eraikitzailean ondo pasa dezaten nahi da. Jolas horiekin hainbat gauza ikas ditzaten saiatzen gara (laguntza harremanak edukitzen, kooperazio gaitasuna garatzen, enpatia gaitasuna garatzen...), baina baita dibertitzen ere, balio dezatela ondo pasatzeko ere.
SORMENEZKO JOLAS KOOPERATIBOAK. ADIBIDEAK:
Hondarrezko zakutxoaren jolasa laguntza jolasa da. Bakoitzak buruan hondarrezko zakutxo bat dauka eta gelan ibiliz doa. Zakutxoa erortzen zaiona izoztuta gelditzen da eta beste lagun bat izoztuta dagoela konturatu eta laguntzera joan arte mugitu barik egon behar du. Laguntzera doanak berriro zakutxoa buru gainean jartzen dio eta ostera mugitzen hasten da. Jolas honen interpretazioa honakoa da: ikusi egin behar dute nork behar duen laguntza, hots, zein dagoen izoztuta. Ondoren, laguntzeko jarrera eduki behar dute gerturatu eta zakutxoa jartzeko. Horrez gain, lagundu bitartean zakutxoa eror dakioke laguntzen ari denari, hau da, izoztuta gera daiteke; beraz, kontuz ibili behar du.
Hitzen bazarra izeneko jolasa lankidetza jolasa da. Bost haurreko taldea egiten da eta bakoitzari kartazal bat ematen zaio barruan bost hitzekin. Denen artean 25 hitz dituzte eta bost esaldi osatu behar dituzte, hitzik soberan gelditu gabe. Esaldiak osatzeko beharrezkoa dute beren hitzak lagunei ematea eta haienak jasotzea. Jolas hau hitzak hartu eta ematean datza, laguntza hartu eta jaso behar dute helburu komuna lortzeko.
Ahozko komunikazioko jolas bat ipuina osatzearena da. Bakoitzak ipuin zatitxo bat kontatu behar du, batak bestearen jarraian eta azkenean ipuina osatu. Pertsona bakar batek kontatutako ipuin batek bezala gelditu behar du. Beraz, haurrek adi egon behar dute aurrekoek esaten dutena entzunez. Horrela, besteei entzuten ikasten dute.
Ahozkoa ez den komunikazio jolas bat animalien bikoteak osatzearena da. Bakoitzari animalia bat dela esaten zaio eta animalia bakoitzeko bi pertsona egongo dira. Guztiei begiak estaltzen zaizkie eta bakoitza bere animaliaren hotsa egiten hasten da bere bikotea bilatu arte. Jolas honek entzumen aktiboko jarrera bultzatzen du; haurrek adi egon behar dute besteek esaten dutena entzuteko.
SOKA SALTOAN ARITZEKO JOLASAK. HAUSNARKETA:
Alde batetik, umetatik barneratzen hasten dira sexu rolak alde batera uzteko edota ekiditeko. Izan ere, gure gizarte honetan jolas batzuk neskekin lotuta daude eta beste batzuk mutilekin. Horrek arazo handiak sortzen ditu, izan ere nesken eta mutilen arteko komunikazioa sarri askotan ez da behar beste ematen jolas ezberdinetara jolasten baitute. Gainera, umeek ez dute nahi dutenera jolasteko askatasun osoa, izan ere etiketatuak izango direnaren edota apartatuak izango direnaren beldur dira, baldin eta gizarteak inposatutako bide estandarra jarraitzen ez badute. Eta bide estandarra jarraitzea diogunean, neskak betiko soka saltoan eta mutilak futbolean aritzeari buruz ari gara.
Azpimarratzekoa da, mutilek jolasten duten jolasek, futbolak orokorrean, askoz ere espazio gehiago okupatzen duela edozein jolasalditan neskek jolasten duten jolasek baino. Ohikoa da ikustea mutilak futbolera jolasten parke osoa okupatzen dutelarik eta neskak ertz batean baloiak joko dieten beldurrarekin. Ondorioz, gune batzuk baloi bako guneak izateari primeran deritzogu. Gune hauetan neska-mutilek hainbat joku eta jolas konpartitzeko aukera edukiko lukete, rolak apurtuz. Jolas egoki bat soka saltoa izan daiketeelakoan gaude, mutilek aurreiritziak eta lotsak alde batera uzteko eta neskek beraiek gustoko ditzuten jolasek ere protagonismoa eta garrantzia dutela sentitzeko.
Beste alde batetik, soka saltoan erabiltzen diren abesti gehienak gaztelaniaz dira eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hezitzaile bezala soka saltoan aritzeko euskarazko abestiak erakustea umeei. Ez erakustea bakarrik, baita hauek indartzea ere.
SOKA SALTOAN ARITZEKO JOLASAK. ADIBIDEAK:
“ Aita, ama, zenbat gozoki jango ditut?
Txikia naiz eta ez dakit : 1,2,3,4...
Aita, ama, zenbat urterekin elkartuko naiz?
Txikia naiz eta ez dakit: 1,2,3,4...”
Ø KANTAURI ITSASOA: Sokari eragiten zaio, hasieran buelta osoa eman barik “olatuak goraka” esan arte. Azken esaldia kantatzen denean, sokari eragiten diotenak alde batera eta gero bestera mugituko dira soka eragiten jarraituz, saltoka dagoenak mugimendu berbera egin beharko duelarik.
“ Kantauriko itsasoan, olatuak goraka
Itsasontzi bat irten da olatuen artean.
Hemendik hara eta handik hona (bis)”
Ø KONGITO KONGITO: Saltoka dagoenak abestian esaten dena egin behar du keinuz.
“ Kongito kongito sartu sokara,
kongito kongito ukitu lurra,
kongito kongito ukitu zerua,
kongito kongito hanka batekin,
kongito kongito bestearekin,
kongito kongito orain biekin,
kongito kongito irten sokatik.”
Ø NIK DITUT GURAIZAK: Salto egiten duenak abestian kantatzen dena egin beharko du hanka eta eskuen bidez.
“ Nik ditut guraizeak, ireki eta itxi.
Lurra ukitu, zerua ukitu,Belauniko jarri eta irten kanpora”
Ø PEIO TXOFERRA: Soka barruan dagoenak hiru salto eman behar ditu eta “lere” esaten denean makurtu egin behar da. “Lere” esaten denean, sokari ematen daudenak airean emango diote bira sokari. Berdina egiten da abestian zehar “lere” agertzen den bakoitzean eta bukatzerakoan “lere” hainbat aldiz errepikatzen da. Errepikatzen den momentu honetan soka barruan dagoenak salto eta makurtu egin beharko da jarraian ahal beste alditan.
“ Peio txoferrak lere, galdetu zidan lere,
ea nahi nuen lere, kotxez ibili lere.
Nik grazia handiaz lere, erantzun nion lere,
Oinez ibili lere, nahiago nuela lere,lere,lere,lere...”
Ø SALTOKA SALTOKA: Pertsona bat saltoka dago eta “X”-en izena esaten denean, bigarren hau ere sartu egingo da barrura. Biak saltoka egongo dira denbora batean, hasieratik saltoka egon denak buelta eman arte eta kanpora irten arte. Hau irteten denean, beste bat sartuko da salto egitera. Honela jarraituko du jolasak denek parte hartu arte.
“ Saltoka saltoka nabil ni gustura,
salto eta salto bat sartu arte.
Sartu dadila “X” eta biok elkarrekin
salto eta salto bat irten arte.Eman ezazu buelta eta irten zaitez.”
ZOTZ EGITEKO JOLASAK. HAUSNARKETA:
Jolas hauek hasiera batean inozokeria diruditen arren, hainbat bazterkeria eta zapalkuntza edo bullyng egoera ekiditeko oso eraginkorrak dira. Izan ere, jolas askotan taldeak egiterakoan edo paper ezberdinak umeei banantzerakoan, beti izaten dira ume berdinak bazertuta geratzen direnak. Bazterkeria kasu hauek askotan askoz arazo larriagoetan bukatzen dute, ikasle hauek ez baitira gai autoestimu altua edukitzeko eta beraien gaitasunak baloratzeko. Jolas hauek egon ezean, beti taldekatuko dira elkarrekin jolasetan “onak” edo “trebeak”direnak eta beste alde batetik “txarrak” edo “torpeak” direnak. Honek, ikasleen artean etiketak edo rolak sortzea dakar: liderrak, gizajoak...
Beraz, hezitzaileok edozein jolasekin hasi aurretik zotz egiteko jolasek duten eragin baikorra kontuan hartzea ezinbestekoa da. Gerora sortu daitezkeen arazo larriak ekiditea edo saihestea, arazo hauek konpontzea baino errazagoa baita.
EZAGUTZE JOLASAK. HAUSNARKETA:
Jolas hauek oso egokiak dira hasiera batetik taldeko harreman aberasgarriak eta sendoak egiteko, umeren bat baztertuta geratzea ekidinez. Gainera, askotan hitzen bidez askoz ere zailagoa egiten zaigu pertsonengana hurbiltzea eta ondorioz, jolas hauek eragiten duten kontakto bisuala, fisikoa...oso eraginkorrak dira hasierako harremanak sortzeko.
ZOTZ EGITEKO JOLASAK. ADIBIDEAK:
“Baga, biga, higa
laga, boga, sega,
zai, zoi, bele,
arma, tiro, pun!”
Ø DONA-DONA:
“Dona-dona katona
sutondoan amona
lepotik behera kutuna
atera kanpora neska mutila”
Ø KIKURIL-BIKURIKAN:
“ Harrapaketan, izkutaketan, kiriketan,
kikuri bikuri lakirikon,
zinko binko lakirikon,
tokatzen zaionari, hor konpon!
Kikuri bikuri lakirikon,
Zinko, binko lakirikon.”
Ø LEHOR BUSTI: Bi kideren artean egiten da hau. Betidanik erabili izan den txanponaren jokoan dago oinarrituta. Harri lau bat hartzen da eta bi aldeetako bat busti egiten da. Bi umeetariko batek lehor edo busti aukeratu behar du eta harria botatzen da. Erortzen den aldearen arabera, bata edo bestea hasten da aukeratzen.
Ø TXOTXAK: Harrapatzailea edo “geratzen dena” nor izango den erabakitzeko egiten da. Txotx batzuk hartzen dira, pertsona bakoitzeko bat, eta haietako bakoitzari zatitxo ezberdin bat mozten zaio. Esku batean txotxen zati bat sartzen da, beste zatia agerian utziaz, txotx guztiak altura berdinean jarriz, ez jakiteko zein den txikiena. Bakoitzak bat hartzen da eta begiratzen da nork hartu duen txikiena. Txikiena hartu duen umea izango da harrapatzailea edo “geratzen dena”.
Ø PON PONATE PUTE PE:
“ Pon ponate pute pe
pon ponate pote
pon ponate pute pepon ponate pute”
EZAGUTZE JOLASAK. ADIBIDEAK:
Inor eserita dagoen ahulkiaren ezkerraldean dagoena hasiko da: “Jon naiz eta nire alboan Maitane esertzea nahiko nuke”. Jonek Maitaneri bere lekutik nola etorri behar den esan beharko dio: Dantzatzen, saltoka, barrezka...(nahi izatekotan Maitanek bere bi albokoen laguntza eska dezake bere lekura joateko).
Ø ARMIARMA SAREA:
Artile bilo bat pertsonaz pertsona pasatzen doa bakoitza bere izena esanez eta artile zati batekin geratuz. Taldekide guztiak artile zati bat daukatenean egindako korapiloa askatzen hasiko dira hurrengo taldekidearen izena esanez.
Ø BURUA IKUTU:
Ume bat erdian egongo da. Korruan dagoen taldekide batek beste baten izena esango du. Erdian dagoenak esan duen taldekidearen burua jo beharko du taldekide horrek beste baten izena esan baino lehen.
Ø AZKURA HEMEN DAUKAT:
Taldekide bat hasiko da esaten: “ Nire izena Iker da eta azkura hemen daukat”. Hau esaten duen bitartean gorputzeko atal batean egingo du azkura. Ondoren, hurrengo taldekideak esango du: “ Iker deitzen da eta azkura hemen dauka eta ni Maite deitzen naiz eta azkura hemen daukat”. Lehenengo Ikerrek azkura daukan lekuan azkura egingo du eta ondoren berak nahi duen lekuan. Jolasak horrela jarraituko du taldekide guztiek parte hartu arte.
Ø IZENEN TRENA:
Taldekide bat trena izango da. Beste taldekide batengana joango da eta taldekide horren izena eta “pi-pi” esango du. Orain biak izango dira trena eta beste batengana joango dira eta gauza bera egingo dute, baina orain biak batera esango dute izena eta “pi-pi”. Horrela jarraituko du jolasak taldekide guztiak trena izan arte.
Ø PILOTA HANKETAN:
Taldekideak zutik daude korru bat osatzen. Begiraleak pilota bat edukiko du hanken artean eta bere aurkezpena egingo du. Gero beste batengana hurbilduko da eta eta pilota eskuekin ukitu gabe pasatu beharko dio. Beste honek pilota bere hanken artean hartu eta bere aurkezpena egingo du. Ondoren, honek beste bati pasatuko dio pilota. Jolasak horrela jarraituko du, denek parte hartu arte.
Ø PUXIKEN JOLASA:
Bakoitzak bere izena idatziko du puxika batean. Gero guztiak gora botako dira eta bakoitzak puxika bat hartuko du. Puxikako izena irakurri eta dagokion pertsonari emango dio.
Hausnarketa
Umeen aisialdiarekin dugun arazoa ikusita egoera honi hirurehun eta hirurogei gradutako aldaketa eman behar diogu. Hau da, egun alde batera geratu diren ohitura politak berreskuratu behar ditugu. Baina horretarako beharrezkoa ikusten baitugu guraso, irakasle, etab laguntza. Hasteko, eskolan zein umeen aisian modu ezberdinetako jolasak landu behar ditugu. Bigarrenik teknologi berriei dutena baino garrantzi gutxiago eman eta azkenik umeak herriko plazetara, parkeetara,... atera behar ditugu gure aldaketa prozesu hau aurrera eraman ahal izateko.
Guzti honekin, gure haurren psikomotrizitatea eta baita sozializazio ere landuko dugu haurrekin modu entretenigarri batean.
Mugimenduzko Jolasak
Aldaketa Jolasa:
Joko honetan pertsona bat harrapatzaiea izango da, bestea berriz ihes egin behar duena. Beste guztiak lerrotan jarriko dira eskutik emanda. Begiraleak ALDAKETA! Oihukatzerakoan lerroo horizontal horiek bertikal bilakatuko dira momentuan, hau da, bakoitzak bere aurrekoari eta bere atzekoari emango dio eskua.
Armiarma Sarea:
Pertsona bat zelaiaren erdialdean jariko da zutik. Behin abisua ematerakoan beste guztiak bere ondotik pasatzen saiatuko dira beste aldera haltzeko baina armiarmak harrapatu barik.
Armiarma marra zuzen baten gainean, ezkerretik eskuinera baino ezin da mugitu. Harrapatutako guztiak armiarmak bihurtzen dira eta eskuak loturik armiarma sarea osatuko dute.
Arrainjalea:
Pertsona bat arrainjalea da eta guztiak arrrainak. Arrainak esparru handi batetik zehar mugituko dira arrainjalearen aginduak jarrraituz. Arrarinjaleal nahi duenean “arrainjalea” esango du eta orduan arrinak harrapatzera joango da. Arrainek libratzeko duten aukera bakarra lurrera botatzeea da eta haien artean ukitzen egotea izango da, elkar laguntza landu behar dute, bestela arrainjaleak harrapatuko ditu. Norbait harrapatzen duenean paperak aldatzen dira.
Azeria, Sugeak eta Oiloak:
Hau harrapaketa jolas bat da, baina zenbait berezitasunekin. Hiru talde egingo dira. Talde batekoak azeriak izango dira eta hau antzezteko eskua ipurdian eramango dute isats bat izango balitz bezala. Besteak oiloak izango dira, eta eskua buruan eramango dute atzamarrak gorantz begira jarriz. Sugeek, azkenik, beso bat aurrerantz zuzendu, suge baten moduan mugiten joango dira. Azeriek, oiloak harrapatu beharko dituzte, oiloek sugeak eta sugeek azeriak. Horrela, suge batek azeri bat harrapatuz gero, azeri zena suge bilakatuko da. Horrela guztiak animali berbera izan arte.
Bela:
Jokalari guztiak lauki baten barruan jarriko dira. Karratuaren kanpoaldean bi pertsona. Kanpoan daudenak barruan daudenei baloiarekin ematen saiatu behar dira (bote baten onodren norbaiti ematea ez du balio). Norbati ematen badiote, hau ere karratuaren konpoaldeaen jarriko da beste beie lagunduz. Erdiko norbaitek baloia botatzen diotenean airean hartzea lortzen badu, bizitza bat dauka. Bizitza hau berarentzat gorde dezake ala karratu kanpoko norbait barrura itzuktzerazteko erabili dezake. Azkenean barruan pertsona bakarra geratzen denean, bere adina galdetuko zaio eta bere urteak bezainbeste aldiz botako diote baloia. Ez ematea lortzen badu, bizitza bat hurrengo partidarako.
Dortokak:
Taldearen gehiengoa dortokak izango dira, eta gutxi batzuk dortoka- zaintzaileak. Dortokak lau hanketan ibili beharko dira, eta zehaztutako ibilbide bat bete beharko dute (horma batetik besterako bidea, adibidez, hobe bidea luzetxoa izatea) eta dortoka zaintzaileen betebeharra ibilbidea egin ez dezaten uztea izango da. Azken hauek egunkaria eta makila moduko zerbait eramngo dute eskuan, eta dortokei berarekin burua ukitzerakoan, dortokak berriro hasierara itzuli beharko dira. Baina batzuk oinez eta besteak lau hankatan ibiltzeak abantaila handia ematen dienez zaintzaileei dortokek bere defentsa metodoa izango dute: buruz gora jarriz gero, hankak eta eskuak mugituz, zaintzaileek ezingo dituzte buruan ukitu.
Ibilbide luze bat egiteko aukerarik ez badago, espazio txiki batean jolastu daiteke, eta ukitutako dortoka dortoka- zaintzaile bihurtuko dira.
Etxe- Orrotzak:
Jolas hau harrapaketa jolasa da, baina berezitasun bat dauka. Harrapatzaileak ezin du lurra baino altuagoa dagoen inor harrapatu. Hala ere batzuetn denak lurrera jaisteko agindua emateko aukera dauka.
Gorriak eta beltzak:
Bi ilara sortzen dira, ilara batek besteari bizkarra emanez. Ilara batekoak gorriak izango dira, bestekoak. Ordea, beltzak. Begiraleak “beltzak!” oihukatzen badu, beltzek ihes egin beharko dute eta gorriak hauen atzetik irtengo dira. Kasu honetan beltzek aurrerantz egingo dute korrika, gorriek berriz erdia eman beharko dute hauek harrapatzera joateko. Beltz bakoitza helmugara gorri batek harrapatu baino lehen helduz gero, hau irabazle, bestela gorria irabazle. Begiraleak, kontran, “gorria!” oihukatuko balu, paperak aldatuko lirateke.
Katu Katu:
Pertsona batek pilota edukiko du. Pilota gorantz botatzearekin batera “katu katu... + lagun baten izena” esango du. (Adibidez Nerea). Nerea orduan bere izena entzuterakoan, baloiaren bila arineketan joango da. Baloia airean hartzea, boterik eman gabe, lortzen badu, prozesua errepikatuko du beste lagun baten izena esanez eta baloia berriro ere gorantz botaz.
Baloia boteren batekin hartuz gero, ordea, hau hartu bezain laster “odola!!!” oihukatu beharko du. Momentu horretan, beste guztiak dauden lekuan geldi geratu beharko direlarik.
Orain Nerea hiru pauso eman ondoren, baloiarekin norbaiti ematen saiatu beharko da. Hau lortuz gero, besteak “astoa”-ren “a” hizkia izango du, ez badu lortzen aldiz, berak izango du letra. “Astoa” hitza osatzen duenak froga bat egin beharko du.
Krokodiloa:
Pertsona bat krokodiloa izango da eta zelaiaren erdialdean jarriko da lurrean etzanda eta aurrerantz begira. Beste partaide guztiak begiraleak lehen txistu bat jotzen duenean astiro ibiltzen krokodiloa dagoen lekurantz hurbilduko dira. Bigarren txistu bat jotzen denean orduan krokodiloa altxatu ahal izango da eta besteak harrapatu ahal izango ditu. Hauek orduan korrika egiteko aukera daukate. Krokodiloak bakarrik aurrerantz egin ahal du korrika, beraz, beste aldera haltzen diren partaideak ezin ditu harrapatu. Harrapatutako guztiak krokodilo bihurtuko dira hasierakoarekin.
Sagua eta katua
1. Bi borobil egiten dira, bata bestearen barrualdean. Borobil handiaren kanpoaldean bi pertsona daude, katua eta sagua. Katua sagua harrapatzen saiatuko da borobilaren inguruan bira emanez. Harratu ezkero paperk aldatzen dira eta sagua katu bihurtzen da eta alderantziz. Harrapatu baino lehen saguk barruko borobilean dagoen pertona bate aurreran jartzeko aukera dago, kasu horretan, kanpoko borobilaren partaide zena kanpora ateratzen da eta katua bilakatzen da. Horrela behin eta berriro.
2. Partaideak lerro baten jartzen dira, batzuk aurrera begira eta besteak atzera begira jartzen dira norabidea tartekatuz. Lerrotik kanpo bi pertsona daude, katua eta sagua harrapatzen saiatuko da lerroaren inguruan bira emanez. Katua zentzu batean bakarrik korrika egin ahal duelarik. Sagu harrapatu ezkero paperak aldatzen dira eta sagua katu bihurtzen da eta alderantziz. Harrapatu baino lehen saguak lerroan dagoen pertsona baten atzean jartzeko aukera dago, kasu horretan , lerroan dagoen partaidea zena kanpora ateratzen da eta katua bilakatzen da. Horrela behin eta berriro.
Sorgina Pirulina:
Borobilean jartzen gara, eta pertsona bat borobilaren erdian.
Korroek, erdikoari zera abesten diote:
Sorgina pirulina
erratza gainean
Ipurdia zikina,
kapela buruan
Sorgina!, sorgina!
Ipurdia zikina!
Ipurdia zikina!
Tentela zara zu.
Ezetz harrapatu!
Abesti bukatzen denean erdikoa norbait harrapatzera joan behar da, besteek ihes egin behar dutelarik. Nor edo nor harrapatzea lortzen duenean, orain hau izango sorgina.
Stop:
Hau harrapaketa jolas bat da baina bere berezitasunekin. Harrapatzailea norbait harrapatzeko zorian dagoenean, iheslariak “stop” oihukatu dezake besoak zabalduz eta lekuan bertan geratuz. Harrapatzaileak ezingo du “stop” egoeran dagoen inor harrapatuko. “Stop” egoeran dagoen bat berriro iheslari izan ahal izateko, beste iheslari batek ukitu beharko du.
Submarinoak:
Lau talde egingo dira. Talde bakoitza itsaspeko bat izango da. Itsaspekoak ertazeko talde bakoitza ilaran jarri beharko da bata besteraren atzean jarriz eta eskuekin aurrekoaren sorbaldak hartuz. Taldekide guztiek begiak estalita izango dituzte ilaran azkenekoak izan ezik. Atzekoak bera, mugimeduak egiteko aginduak emango ditu. Ezkerrarekin aurrekoaren ezkerreko sorbaldan kolpe bat ematen badu, aurrekoak agindua aurrekoari berdin transmitituko dio, horrela ilarako lehenengoari agindua iritsi arte. Orduan, lehenengoa ezkerratarantz joan beharko da. Eskumako aldean emanez gero, eskumarantz, bietan batera aurrerantz eta buruan emanez gero gelditu. Helburua, itsaspekoaren batek beste bat erditik moztea izango da. Hau lortzeko, ikusten duean bakarrak torpedoa jaurtiki behar du. Hau aurrekoari bizkarrean emanez egiten da, agindua lehenengoarengana iriste denean hau zuzen eta aurrerantz abiatu beharko doa besteengandik banatuz, beste itsaspekoa suntsitu arte.
Koloreen sorgina:
Ume taldea horma baten kontra kokatzen da. Ume hauen aurrean jartzen delarik (sorgina). Sorginak kolore bat esaten duenean, kolore hori daukaten ume guztiak hormatik irten eta sorgina ez harrapatzea saiatu behar dira. Sorginak harrapatutakoa sorgin bilakatzen da:
Sorgin: Tok, tok.
Taldea: Nor da?
Sorgina: Koloreen sorgina.
Taldea: Eta zer kolore nahi duzu?
Sorgina: Gorri
Lau erpinak:
Hasteko karratu bat osatzen duten lau erpin ala txoko markatu behar dira. Erpin bakoitzaren pertsona bat (edo taldeka jolastu nahi bada talde bat) eta erdian bosgarren pertsona bat egongo da.
Erpinetakoak, beraien artean txokoz aldatzen saiatuko dira erdikoak beraien lekua kendu ez diezaioten saiatuz. Erdikoa, ordea, libre dagoen erpin bat lapurtzen saitu behar da. Horrela beti egongo da bat txokorik gabe.
Lehergailua:
Jokalariak korruan eta zutik jartzen dira, bat izan ezik, hau erdian jarriko da. Korruan daudenak beraien artean baloia pasatzen hasiko dira. Erdikoa zenbatzen hasiko da, 20 zenbatzen duenean “kontuz” esango du eta esku bat altxatuko du. Beste 20 zenbatzean “arriskua” eta beste eskua altxatuko du. Azkenik 10 arte zenbatu eta “bonba!” esango du txalo bat ematearekin batera. Momentu horretan baloia esku artean duena, lurrean jesarri beharko da, eta jolasa berrriro hasten denean, bere ondokoak, jesarrita dagoenaren hanken gainetik salto egin beharko du hurrengoari pilota pasatzeko. Erdikoak, jolasean zehar; nahi duen guztietan “aldaketa!” oihukatuko du, orduan baloiaren norabidea aldatuko da.
Oxigenoa:
Bi pertsona gelditzen dira eta eskutik emanda besteen bila joan behar dira. Beste bat harrapatzen dutenean hirurak batera jan behar dira besteen bila baina laugarren bat harrapatzen dutenean bitan banatuko dira eta horrela bi bikote egongo dira besteak harrapatu nahian. Horrela partaide guztiak harrapatuta egongo arte.
Puxikak Zapaldu:
Jokalari bakoitza puxika bat edo bi puztu eta orkatilan lotuko ditu sokarekin. Jolasari hasiera ematen zaionean, besteen puxikak zapaltzen saiatuko dira, beraiena zainduz. Azkenean pertsona bakarra puxikarekin geratu arte. Jolas honetara taldeka ere jolas daiteke.